Literatura eta mendizaletasuna nekez ibili dira elkarren eskutik. Orain arte behintzat, oraintxetik aurrera, berriz, betiko lotu baitira. Estu-estu. Hain estu ezen ESPedizioa, liburu hau, mendia eta literatura betiko lotzen dituena, bi ataletan topatu baitut liburu-dendetan, literaturaren atalean eta bidaienean, arduradunek non kokatu ez zekitelarik eta liburu aleak erditik puskatzea aukera balekoa ez zela.
Lotura estu, komuniyo horren aurreneko froga libruko lehen orrietan dugu: argazkia da, zeinetan Juanra Madariaga mendizale idazlea Unai Elorriagaren “Sprako tranbia” liburuaren irakurle agertzen baita. Non egina al da argazkia? Bada, Shisha Pangma mendi luze pisutsuaren gailurrean.
Liburuan barna abiatzen garelarik ikusiko dugu nola beste mendizale batzuk ere agertuko dituen Madariagak literaturari josita, haren kontakizunean mendi erraldoi beldurgarri horietan ibilitako heroi europear izendun gehienek liburu bana motxilan jo baitute goia. Astronautek musika omen daramate espaziora. Mendizaleek, ordea, liburuak. Fikzio polita da mendizaleak literaturzale ere izatea. Egia ote? Ez dakit, bada.
Paragrafotxoa merezi du egiaren eta fikzioaren arteko gatazka hori, autofikzioa irakurtzen dudan guztietan, guzti-guztietan bezalaxe, oraingoan ere tentazio handiegia izan baitut ikertzeko, aberiguatzeko, ESPedizioak kontatzen duenetik zer den egia eta zer ez, nahiz eta ondo jakin horrek inora ez naramala, literaturaren kontrako miaketa tentela dela.
Beraz, aurreko askotan bezala egitea deliberatu dut: hots, nik neuk erabakiko dut zer gertatu zen benetan eta zer ez, hori bai datorrela bat literaturarekin, literatura bezain literario eta fikziozkoa baita.
Literatura egiteko parada ederra dira desagerpenak, mendizale mendizerren inmensitatean betiko galduak. Bide hori, ordea, ez du gehiegi jorratzen Madariagak. Carlos Fuentes mexikarrak “Gringo Viejo” eleberrian egiten zuen moduan egitea zeukan: asmatu zer gertatu zitzaien desagertuei, nola hil ziren edo nola salbatu ziren, nola Shangri-La moduko batean gelditu ziren gozo eta betiko zoriontsu bizitzera edo nola itzuli ziren, milaka abentura igarota, mendebaldera, beste nortasun bat hartuta, amnesiak jota apika, nola bizi ziren beste inor izanik …
Ez du jorratzen, ez, Madariagak bide zabal hori. Beste bidexka bat, ordea, bai, haluzinazioena. Hirugarren ibiltaria aipatzen du. Mendizale higatuen buru zoratu ilunduan bidelagun agertzen zaien hori da hirugarren ibiltaria. Horrek zeru literario oso bat zabaltzen du, imaginatuzko bidelagun horiek edozer izan daitezkeelako, mota guztietakoak, mendizale makalduaren eta idazle zorrotzaren irudimenak nahi duena hain zuzen ere.
Niri, ordea, bururatu zait hirugarren ibiltari hori irakurleok garela; ni neu izan naizela mendizale izarren bidelagun munduko mendi luze eta pisutsuenetan eta horrek, munduko sapaietan barna haluzinazio gisara ibili izanak, nolabaiteko eskubidea edota parada ematen didala esateko irakurle literaturzale askori urrun eta arrotz egin zaigula guztiz goi mailako mendizaletasunaren unibertso hori; literaturrak, ordea, tarteko delarik, leundu egin duela nabarmen urruntasun estratosferiko hori.
Maupassant eta megalofobia
“Ez dut uste mendiak gaiztoak direnik, baina batzuek itxura hori islatu nahiHala dio Madariagak liburuko pasarte batean. Eta, nahi ta nahi ez, Guy de Maupassant ekarri dit gogora, Maupassant baino lehen, mendiak literaturan, margolaritzan, artean ere bai, izaki onberak zirelako, natura onuragarriarekin bat eginda zeudelako; Maupassant baino lehen ezin zen mendietatik ezer txarrik etorri.
dutela begitantzen zait”
Guy de Maupassant idazle frantziarrak, ordea, goitik behera aldatu zuen mendien ikuskera idiliko hura. Maupassant sentiberaren irudirako, mendiak erraldoi kupidagabeak ziren, munstro hiltzaileak. Eta zer esanik ez, ni beti sentitu naiz Maupassanten sentimenduetatik gertuago, beste edozertatik baino. Are gehiago esango dut: Maupassanten ipuin zoragarriak irakurri baino lehen, uste nuen neu nintzela bakarra munduan mendien beldur, neu baino ez zela unibertsoan megalofobiak jotakoa. Oker nenbilen. Eta poztu zitzaidan Maupassanten ipuin guztiz gomendagarrietako orrialdeetan jabetu nintzenean nire umetako eta ez hain umetako ikara bakarti haiek Maupassant txit argiak ere pairatzen zituela.
Ikusten, adiskideok? Horretarako ere balio du literaturak, munduan bakarrik ez zaudela, bakarra ez zarela, sentitzeko.
Maupassantek, beraz, lotu zituen betiko mendiekin hainbat elementu literario oparo: hala nola, heriotza, arriskua, zoramena, haluzinazioak, gizakien ahuldadea natura ankerraren aurrean… Fantasiara lerratzeko parada zabaldu zuen, paisaiaren ederrean gelditu barik.
Lirika, mistika, epika eta Hollywood
“Bostehun tona tximeleta hilik ezin irudikatuzko imajina da”.Aipu eder horrek argiro adierazten du “Espedizioa”ren alde lirikoa, lirikara bultzatzen baitu edonor bakardadeak, bakardade zuriak, lirikara eta dibagazioetara, gauza bat eta bera ez badira biok.
Baina mistika ere agertuko zaigu, lirikarekin bat eginda, Madariagak paisaia barrutik deskribatzen digunean. Eta preseski deskripziozale, ez eta naturazale ere, ez naizen honek, gizakien eremua naturarena baino milaka aldiz nahiago dudan honek gozatu egin dut, halarik ere, esaterako, airearen potret honetaz:
“Airea harizkoa da, bigunegia, gardenegia, zuloak dituela ematen du, zuloak non oxigenorik gabeko airea dabilen, hutsa, ezereza”.
Aparteko espazioetan, diosku egileak, gizakiok “lebitazio moduko zerbait” sentitzen dugu. Hori mistika ez bada?
Epika, bestetik, altuerak, hotsak, eguraldi etsaiak dakarkigu, batez ere Madariagak horrek guztiak giza gorputzari nola eragiten dion jakinarazten digunean.
Baina epika beste zerbait gehiago ere bada. Epika bizi izateko modua da. Sufrimenduari aurre egiteko kapaz denaren bizimodua, gorengo sari bati begira bizi denarena. Bizimodua da epika eta bizitza, oro har, sarritan da mintzagai liburuan.
“Bizitza bi modutan bizi daiteke: dena mirakulua ez balitz bezala edo dena mirakulua balitz bezala”.
Esaldi hori pasafraseatzeko gogoari ezin eutsi eta egin egingo dut, neure modura birbotako dut; hots: “Bizitza bi modutan bizi daiteke: epikaren erara edo epikarik gabekora”.
Genero horiek guztiak, beraz, topa ditzakegu, nahasi eder harmoniatsuan zein bata bestearen atzean, “Espedizioa”ren kapitulu labur soil batean, egileak konfekzionatzen dituen zerrendetan ibuprofenoa eta pinpilinpauxak harmonia osoz nahasten diren bezalaxe.
Eta azkenik, Hollywood dugu, gailurrera iristen diren eszena hori Hollywooden filmatua bezalakoa da-eta. Mirespenaz idazten dut hori, ez pentsa, txalotu nahian, bat ere ironiarik gabe.
Magnificat entzuten dugula (berriz ere austronauten musika), garaipenaren eszena loriatzen du musikak eta toke epikoa ematen dio eszenari. Gero, berriz, Lascia ch’io pianga entzuten da airean, malkoak datoz, beraz, negarra, eta horra hor berriro lirika. Zalantza izpirik gabe, berriro diot Hollywooden ederto filmatuko luketela eszena hori. Produktoreren batek interesik ote?
Juanra Madariaga:
ESPedizioa. Mendi ororen pisua
Txalaparta 2015
Beste sarrera bat Boquitas Pintadas blog honetan ESPedizioaz: Hay gentes.
2 comentarios:
No entiendo nada, claro, y por encima ese traductor automático es nauseabundo. Pero seguro que está muy bien lo que dices, como siempre. ;)
Olvídate de los traductores automáticos, te lo ruego. Gracias por tu confianza.
Publicar un comentario